Herri ekimenez eta irabazi asmorik gabeko guraso kooperatiba gara, partaidetzan oinarriturik dagoena.
Izan ere, osatzen dugun hezkuntza komunitatearen baitan, gurasoen partaidetzak berebiziko garrantzia du eta ikastolari bizitasun eta dinamismo berezia ematen dio.
Gurasoek ikastolan parte hartzeko dituzten organo ofizialez gain (Errektore Kontseilua eta Eskola Kontseilua), gelako guraso ordezkarien figurak garrantzia handia du. Beraien bitartez komunikazio eta partaidetzarako ubide anitzak errazten dira.
Gure kooperatibak, Pedro de Axular izenekoak, estatutu propioak ditu (azpiko gehigarrian ikusgai).
Gure izaeraren balore instituzionalak elkartasuna, erantzukizuna, demokrazia eta berdintasuna dira.
Halaber, Paz de Ziganda ikastolaren izaera eta kudeaketa lankidetzan eta gardentasunean oinarritzen da.
Elkartasunaren printzipioari jarraituz, ikastolaren ekintzek kolektibitatearen interesei erantzuten diete, eta komunitatearekiko konpromisoa dute.
Nafarroako Ikastolen Elkarteko kideak gara (NIE) eta baita Euskal Herriko Ikastolen Europar Kooperatiba Elkarteko kideak (EHI) ere , 111 ikastola batzen dituenak. Horrela, gure ikastolak, izaera propioa izanik, gainerako ikastolekin batera hezkuntza sare sendoa eratzen du, guztion artean ezarritako elkarrekiko mendekotasun eta lankidetza loturei esker.