MAKUSI

Fecha2024 | 05 | 06
Makusi EITB

Haur eta gaztetxoentzako euskarazko unibertso digital bat osatu du EITB taldeak: Makusi. Abian da jada Makusi, haurrentzako euskarazko lehen plataforma digitala. Sakelakoetarako, tabletetarako, webguneetarako eta telebista konektatuetarako prestatua egongo da plataforma berria. Hain zuzen ere, www.makusi.eus webgunea dago, batetik, eta aplikazioa doan deskargatu daiteke Google Play eta App Store dendetan, bestetik. Edukiak ikusteko, nahikoa da erregistratzea.

Erabiltzaileek, erregistratzeko orduan, adina jarri behar dute. Hala, adin tarte bakoitzari eduki eskaintza berezitua egingo dio Makusik: 0-4 urte artekoak, 5-8 urte artekoak eta 8 urtetik gorakoak. Hiru tarte horiek bereizi dituzte, eskaintza pertsonalizatuagoa egiteko asmoz. 

EITBk sortutako komunitate berri horretan, entretenimendua izango da nagusi, euskaraz. Haurrek, gainera, «modu seguruan» biziko dituzte Interneteko esperientziak. 

Euskaraz ez diren beste plataforma batzuen gainetik lehentasuna ematera animatzen zaituztegu, gure hizkuntzari behar duen balioa eta lehentasuna eman ahal izateko.

Ongi izan eta Euskaraz Bizi!