Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastola

Fecha2025 | 02 | 05
Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastola

Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako gurasoa

Errepikatu eta errepikatu, egia bilakatu

Aritz Labiano Zezeaga

2025eko otsailaren 4a / Berria

 

Populismoa modan dago. Bistan da. Diskurtso populistak etekinak ematen ditu. Munduan zehar gertatzen ari denari errepaso azkar bat egitea besterik ez dago. Populistek mezu bat zabaldu eta herriaren beharrak defenda ditzaketen bakarrak direla sinetsarazi nahi izaten dute.

Abiapuntu horretan oinarrituta besteen aurka jartzen dira, haien kontrako mezuak sustatuz, kontakizun faltsu eta negatiboekin. Besteen ustezko arriskuez ohartarazten dute, gai konplexuak ahalik eta gehien sinplifikatuz eta guztion emozioak astintzeko mantra edo esaldi sakratuak sortuz.

Azken egunotan deigarria egin zait ikustea, euskal hezkuntzan lanean ari diren eragile batzuek jokabide hori bere egin dutela Zarauzko Ikastolari Hezkuntza Sailak ezarri dion 140.000 euroko isunaren harira. Deigarria egin zait baina ez harrigarria. Urteak dira diskurtso hori erabiltzen ari direla. Eta isuna publiko egin den unetik egiten ari diren irakurketa ikusita, martxan duten oldarraldi ideologikoa ageriagoa bilakatu da.

Gatozen gertakarietara. Hezkuntza lege berriaren inguruko eztabaidaren erdian, 2023. urtearen hasieran, jaiotze tasa berriak kontuan hartu gabe (aurreko urtean baino hogei haur gehiago baitzeuden Zarautzen matrikulatzeko adinean), Hezkuntza Sailak bi lerrotara mugatu zuen HH2ko matrikulazioa Salbatore Mitxelena ikastolan. Ustezko akatsa zuzentzeko alegazioak sartu ziren, baina ezezko erantzuna jaso zen. Ondoren ikusi zen jasotako matrikulazio kopuruarekin hiru lerro zegozkiola Ikastolari. Entzungor egin zuten eta Zarauzko zortzi familiak ezin izan zituzten beren haurrak ofizialki Ikastolan matrikulatu. Datu objektiboetan oinarritutako eskaerari entzungor egin ez baliote eta, legeak berak dioen moduan, jasotako matrikula kopuruaren arabera eskaintza egokitu eta doitu izan balute, zortzi haur horiek gurean leudeke. Oso ekuazio sinplea da.

Bestalde, 2023-2024 ikasturterako ikasleak matrikulatu eta onartzeko agindua argitaratu zen berrikuntzekin. Bazirudien ikasle zaurgarrien banaketa orekatua egitea eta eskaintza eskaerara egokitzea zela helburua. Lehen aldiz zaurgarritasun indizearen nondik norakoak ezarri ziren eta Ikastolen Elkarteak onartu zituen, eta horrenbestez, Zarauzko ikastolak ere zegozkion ‘ikasle trukeak’ egin zituen herriko zaurgarritasun indizea orekatzeko. Legea bete dugu hasieratik. Zarauzko Ikastolak beti zabaldu dizkie ateak familia zaurgarriei. Barne beka sistema bat ere badugu zailtasunak dituztenei laguntzeko. Beraz, isunaren afera gai honekin lotu nahi dutenek badakite ondo asko gainera gezurretan ari direla.

Hau da, ordea, zenbaitek argudio gisa erabili nahi dutena. ETBko albistegietan lehenengo minututik saiatu ziren bi gaiak nahasten, eta gure zortzi ikasleen auzia zaurgarritasun indizea ez betetzearekin lotu nahi izan zuten, nahiz eta berariaz azpimarratu genuen ez zeukatela zerikusirik. Bazirudien beste prentsaurreko batean egon zirela. Ez da arraroa, Hezkuntza Saila noren esku dagoen jakinda. Baina ez dira bakarrak. Beste eragile batzuk ildo beretik eta haratago doaz.

Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak Euskadi Irratiko Faktoria saioan isunari buruz esandakoak garbi uzten du zein den beraien nahia: «Ari gara lege urraketa batez: inklusioa, bizikidetza, aukera berdintasuna, eta abar. Horretaz ari gara eta ez beste ezertaz»; «plaza batzuk dira ikasle zaurgarrientzat eta beste batzuk ez zaurgarrientzat, eta hor egon da lege urraketa. Horretaz ari gara, ez beste ezertaz. Nik uste dut hori argi izan behar dela, eta horretaz hitz egin behar dugu. Horretaz hitz egin behar dugu eta besterik ez»; «neurri gutxi batzuk hartu ditu Hezkuntza Sailak inklusioa lortzeko. Gure hezkuntza sisteman ikasle guztiek eskubide berak izateko. Eta lege urraketa arlo honetan eman da eta ez beste ezertan». Laburpena erraza da: honetaz hitz egin behar da, ez beste ezertaz. Berriz ere ideiak sinplifikatu eta mantra/gezur zehatzak: «ikastolak ez du segregazioaren kontrako neurririk hartu nahi izan».

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak Gasteizen 2024